Gaizki ulerturik edo interpretazio okerrik egon ez dadin, gure ingurua aisialdirako edo oporretarako aukeratzen duten pertsona horiei guztiei eskerrak ematen hasiko gara lerro hauetan. Ez diogu turismoari uko egingo, baina gure betebeharra da nahi dugun eredua zehaztea. Horretan ari gara.
Bailara honetan, beste batzuetan bezala, etengabeko eztabaidan ari gara nahi dugun garapen-ereduari buruz. Ados gaude bailaran elkarrekin bizi diren sektore guztiak babestu behar direla esatean. Baina edozein arrazoirengatik, eta hemen bizi garenok zerbait ikusi beharko dugu, balantza ia beti alde berera okertzen da.
Erronkariko harana turismo-helmuga bihurtu zen aspaldi. Pandemia garai hauetan, itxitura perimetralak… nafar askok bisitatzen gaituztela ikusten ari gara. Murrizketen ondorioz, ezin dugu beti nahi genukeen bezalako zerbitzurik eman. Alde horretatik, pazientzia eta ulermena eskatzen dugu. Aparkalekuak eta zerbitzuak, oro har, batez besteko asistentzia jakin baterako dimentsionatuta daude. Hemen ezin dugu onartu, adibidez, lurpeko edo hainbat solairutako aparkalekurik. Toki-erakundeentzat ez litzateke jasangarria izango, eta are gutxiago haien okupazioa unean unekoa baino izango ez bada. Urtean 365 egunetan hemen gauden pertsonen beharrak beste alde batetik doaz.
Baina hasieran egin bezala, bisitatzen gintuzten pertsona guztiei eskerrak emateaz gain, enpatiarako deia ere egin nahi genieke. Hemen, gure egunerokotasunarekin jarraitzen dugu. Abereak zaintzen, gazta egiten, ostatua edo jatetxea zaintzen edo gure lanpostura joaten jarraitzen dugun biztanleak. Herri biziak gara, eta arau batzuk ere badaude, ia beti zentzuzkoak. Inori ez zaigu gustatzen gure etxeko atean aparkatzea gu sartzea galaraziz, edo kale bat edo borda baterako sarrera blokeatzea eta gure zelaietan ibilgailuekin sartzea, edo, besterik gabe, bide erdian gaizki aparkatzea: lanera joateko bidea irekitzen digun elurra kentzeko makinari lana zailduz (bulegoa, fabrika, borda, abeltzaintza-nabea, baso-ustiapena) edo denokelurra goza dezagun bide eta aparkalekuak ezin ongi mantenduz edo larrialdietako kasuetan bidea oztopoz betez…
Hemen, denok ikus dezakegu lerekin jolasteko, eskiatzeko, paseatzeko edo paisaiaz gozatzeko leku bat, baina honetaz gain, guk gure lantoki eta bizilekua ere badugu hemen. Ezinbestekoa da elkarrekin bizitzen ikastea, eta bisitari gehien izaten diren garaietan, zenbaitetan, baso-ustiategiak edo azienda-taldeek ohiturak aldatzen dituzten bezala, ezinbestekoa da bisitaria ere dagoen landa-eremura egokitzea, turismoaz gain espazioaren beste erabilera batzuk ere badaudela ulertuta.
Eskerrik anitx eta ONKI XIN!!!
Erronkari, 2021ko urtarrilaren 13an
Erronkariko Batzordea